Hemen zaude: Hasiera Elkartea

Elkartea

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa Euskal Herri mailan abiarazi ondoren, herri mailako konpromiso prozesu bat bideratzea erabaki zuen gizarte eragileen eskutik, eta tokian tokiko euskalgintza zein udalekin batera. Horrela Kontseiluak erantzuna eman zien herri mailako hainbat gizarte eragile eta udaletatik Bai Euskarari Akordioa herrietara hedatzeko egindako eskariei. Gure kasuan 2001. urtean, eskualde mailako elkarte bat sortu genuen: Lea ArtiBAI EUSKARARI elkartea.

Hasiera batetan 207 gizarte eragilek (ikastetxeak, merkatariak, ostalariak, enpresak...) eta 7 udalek (Lekeitio, Ondarroa, Aulesti, Gizaburuaga, Munitibar, Amoroto eta Berriatuak) sinatu zuten akordioa.

Nahiz eta esan behar den 2008an egoera bestelakoa zela, modu batean edo bestean konpromisoak hartuak zituzten eragileak 500dik gora ziren. Udalen aldetik ere aldaketak egon dira, udal gehienek (Aulestikoa izan ezik) hitzarmenak bertan behera utzi eta urteko diru laguntzak bideratzen dituzte elkartera.

Gaur egun, eskualdeko euskalgintzako eragileen, euskaltzaleen eta udalen bilgunea izatea da gure apustua. Euskararen normalizazioa lortzeko lanerako prest dagoen edonori gonbitea luzatzen diogularik. 

Xedea

Helburu nagusia, euskarak garapen osoa izatea dugu, %100ean euskaraz bizi ahal izatea eta bizitzeko hautua egitea. Horretarako, alde batetik eragileak konpromisoak hartzera bultzatu eta bete ahal izateko behar dituzten laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkiegu. Bestetik, euskararen egoeraren diagnostikoa egin ondoren, proiektu ezberdinak martxan jarri eta euskalgintzaren arteko elkarlana bideratzen dugu.

Egitasmoak

  • Transmisioaren kalitatea sustatzeko egitasmoa (+)
  • Etorkin berriak euskal mundura erakartzeko egitasmoa (+)
  • Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa (+)
  • Plan estrategikoa (Eragileak sektoreka sailkatu, konpromisoak hartzera bultzatu eta bete ahal izateko behar dituzten laguntza eta baliabideak eskaini, Bai Euskarari ziurtagiriaren banaketa...) (+)
  • Berbetan egitasmoa (Eskualdeko euskalkien bilketa eta azterketa, ondoren bitarteko ezberdinen bidez kaleratzeko) (+)
  • Kontzientziazio kanpainak (Errenta Aitorpena euskaraz, Fakturak Euskaraz, Joku-kanta tailerrak, eta abar) (+)

 

Dokumentuaren akzioak