Udalerrien Hizkuntza Politika
2010ean, Lea Artibaiko zenbait udalerriren Hizkuntza Politika neurtu dugu. 2011ko martxoan aterako dira emaitzak
Udalerrien hizkuntza-politika funtsezkoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Udalek ere badute herria euskalduntzeko boterea eta erantzukizuna. Praktikan jartzen dituzten politikak ezinbestekoak dira herrian euskara erabiltzeko aukerak emateko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko 66 herritako hizkuntza-politika aztertzea izan du helburu, hots, 2 milioi biztanle baino gehiagorengan eragina duen hizkuntza-politika, egoeraren balorazio orokorra egin eta aurrerantzean herri guztietan euskara sustatuko duen hizkuntza-politika eraginkorragoa ezartzea eskatu.
1. Lehenengo urratsa azterketa burutzeko: Erabakiak, baliabideak eta emaitzak aztertu
Galderek hiru mailatan eragin nahi izan dute, hirurak beharrezko eta hirurak aztergai:
- Erabakiak
- Baliabideak
- Emaitzak
Erabakiak hartzea, baliabideak esleitzea eta emaitzak izatea. Hiru oinarri hauek definitzen dute hizkuntza-politika baten arrakasta, elkarren beharra dute eta bana ezinak dira.
- Baliabiderik gabe erabakiak ez dira eraginkorrak.
- Berdin gerta daiteke alderantziz ere, erabakirik gabe ez baita politika behar bezala osatzen.
- Bi horien ondotik, emaitzek osatzen dute hiruko kate horren korpusa. Egunez eguneko jardueran herritarrek eta langileek euskaraz komunikatzeko bizi duten aukeraren arabera neurtzen dira emaitzak.
2. Bigarren urratsa, hamar atalen hautaketa:
Udal barruan euskararen presentziak atal ezberdinetan duen garrantzia aztertu da. Ohiko kultur eskaintzaren mugetatik haratago egin da, esparru gehiagotan arreta jarrita.
Nolabait esateko, atalez atal herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea ze neurritaraino dagoen jasoa neurtu da. Era berean, hauetako atal bakoitzari dagozkion erabakiak, baliabideak eta emaitzak aztertu dira.
Hamar ataletan banatu da azterketa:
- Erabaki orokorrak
- Hizkuntza-paisaia
- Udal-langileak
- Udalaren komunikazioa
- Beste zerbitzuak eta kontratak
- Udalaren kultur ekintzak
- Hezkuntza 0-3 urte
- Euskalgintza
- Merkataritza eta lan-mundua
- Kirola eta aisia
Lea Artibai eskualdean, 2006ko otsailean Lekeitio eta Ondarroan egin ziren azterketak eta 2008ko maiatzean Markina-Xemein eta Aulestin. Udal hauetako emaitzak nahiko onak izan dira paperean, baina praktikan oraindik badago zer egin. Herriko edozein txoko publikotan euskaraz aritu ahal izateko, udaletxeek boterea eta erantzukizuna dute eta horixe da euskaltzale eta euskaldun orok exijitu behar duguna.
Euskal Herri mailan, Kontseiluak egindako azterketaren arabera, UEMAn dauden udalerriak dira herritarren euskara eskubideak ondoen bermatzen dituztenak, hain zuzen ere, beraiek dira herritarrei zerbitzua %100 euskaraz zein %100 gazteleraz bermatzen dizkietenak.
Datu gehiago:
http://www.udalenhizkuntzapolitika.org/

