2009ko Euskara Eguna
2009ko abenduaren 3an, euskara eguna zela-eta, eskualdeko euskalgintzako hainbat eragilek sinatutako testu hau sartu zen udaletan. Izan ere, udalen babesa eta laguntza ekonomikoa ezinbestekoak dira euskararen egoera normalizatzeko.
2009ko EUSKARA EGUNA
Lea Artibai eskualdean, euskararen normalkuntzara ailegatzeko oraindik lana dago egiteko. Lea Artibain bizitzea ez da nahikoa euskaraz jakiteko eta bizitzeko. Euskaraz bizi nahi dugu eremu guztietan.
Hamar urte barru euskaldunak izango gara?
Euskaraz aritzeko nahia eduki behar dugu herritarrok, erabilera ziurtatzeko. Herritar kontzientziatuak behar ditugu. Baina nahi izate hori ez dago bermatua, gaur egun komunikabide gehienak erdaldunak dira, lanerako ditugun tresnak (ordenagailuko programak…) erdaldunak dira gehienbat, eta abar. Horren ondorioz, erdal hizkuntzak gure hizkuntza sentitzen ditugu eta beraz, euskaraz jakin arren erdaraz ere aritzen gara, kasu batzuetan ohitu egin garelako erdaraz aritzera zenbait gairen inguruan, askotan ongi adierazteko zailtasunak izatera ailegatu arte. Hori dela eta, sarritan ez dugu euskaraz aritu nahi!
Bestetik, hizkuntza politika egokia landu eta indarrean jarri behar da euskaraz egiteko oztopoak gainditzeko, administrazioetan euskaraz jarduteko, langileria euskaldundu ahal izateko, etorkinei euskalduntzen laguntzeko eta abar.
Gaur egun euskararen erabilera ikaragarri ari da jaisten eta horri aurre egin behar zaio. Hori dela-eta, hainbat pertsona eta elkarte gaude prest proiektu ezberdinak aurrera eramateko; Aek, Ikastetxeak, Lea ArtiBAI EUSKARARI elkartea, Hitza egunkaria…
Udal honek, gu eta lantzen ditugun proiektuak kontutan edukitzea, edo kontutan edukitzen jarraitzea eskatzen dugu. Euskara normalizatzeko asko baitago egiteko eta ezinbestean diru laguntza publikoa beharrezkoa da.
Euskara arlora bideratzen den aurrekontua, aurrekontu osoaren %2ra hurbildu behar dela deritzogu.
Lea Artibai euskalduna nahi dugu, “Euskara Eguna” egunero da!!
Eskerrik asko!!!
Lea Artibaiko:
- AEK
- HITZA
- LEA ARTIBAI EUSKARARI
- EHE
- Ondarroako Zubi Zahar Ikastola


wCsWDnRWIBuFHrlS